Atorrak

Aratuste 1974. Historia apur bat

Mundakako gure komunitateak denboran zehar bizi izan dituen forma ezberdinei esanahia aurkitzeko, bere bizimoduaren gauza txiki eta ohiko ekintzetan erreparatzea besterik ez dago.

Ekintza guzti hauetatik batzuk besterik ez dira mendeetan zehar kale-agerraldi bezala adierazten. Horietako bat Aratuztea da, zalantzarik gabe Mundakan nortasun haundiko herri-adierazpena.

Hala ere, ez da posible denboran atzera egitea bere jatorria aztertzeko, ez baita historia ikertu nahi dena, lur-azpitik sortu den ohitura bat baino. Lur-azpitik bai, gizarteak eragin gutxi izan duen tokitik.

Mundakar on batek, duela berrogei urteko aratuzteak oroituz honako hau zihoen: “hunoek egiten zuten bezala, ardi azalekin estalirik, zaku eta trapuz egindako arropekin eta jai egunetan idiekin erabilitako kanpaitxoak joaz, Marrauak ere plazara sartzen ziren”. Eta ironiaz eransten zuen: “autrigoi edo karistiarren aspaldiko ohiturak ote ziren edo bakotar jai batzuk ote?”

Foto

Garaietako maila ezberdinak nahastea, edo hobe esanda, Ilargiaren gurtzaileen aroetara atzera egitea kostunbrismo-kontuetan lekukotasun sinesgarriak zabaltzeko asmoz, errakuntza bat da. Gure Aratuzteek behintzat horrela ikusten dute. Ospe haundikoak ziren Katalin Morko, Ventura Mondongo eta Malen Gorringoren kontuak entzutearekin, arazoa gutxituaz aparte eraginkorragoa ere izango litzateke. Ziur egon gure jaiaren ezagutza pertsonalistara hurbiltzen lagunduko ligukela horrek.

Zalantzarik ez izan, haiek eta euren amonek ere, “Urra Jose Babil” eta “Mari Manu” kantuen antzeko leloak abestuko zituztela. Ez dakigu Mari Manu eta Jose Babil nortzuk ziren, eta inor ez da jakitera bideratu, baina bai esan, kantua herrian sortu zen garaiko pertsonaia garrantzitsu bi zirela, Mundakan eta Bermeon batez ere, tristurak, isekak eta kritikak bezalako pozkarioak, laudorioak bezala, grazia morbosoaz abestuz adierazten baitziren.

Antzinakotasun erlatibo hau gure Udaletxeko akta batean agertu zen duela ehun eta hogeita hamar urte. Horrela dio: Al Jefe político de Vizcaya: Es llegado el tiempo ya que por costumbre inconcusa e inmemorial, usan en este pueblo vestirse de máscara los días de Candelaria, Carnestolendas y algunos otros domingos y festividades. Por lo mismo, acudo a su superioridad, a fin de que si a bien tiene, se permitan estas diversiones. Alcalde: Eusebio de Uribe.

Gizon hau Mundakako alkate izan zen 1841ean bai eta 1844an ere. Eta garai horretan Aratuztea aspaldiko ohitura baldin bazen jada, zenbat urtetan atzera egin beharko dugu Aratuztea denboran kokatzeko?

Atzerago begiratuz, Mundakako Aratuzteen ospe handieneko garaian, debekatua zegoen San Juan eta San Pedro egunetan mozorrotuta ateratzea, Bezperak abesten amaitu baldin ez bazen. Zigorra hamabost eguneko espetxeratzearekin eta hirurehun marabediren isunarekin beteko zen. Debekatua baita, mozorroturik egon gabe, bazeudenen inguruan muturra sartzea edo berbaz zirikatzea.

Foto

Mundakako benetako mozorroa atorra zen. Duela urte batzuk, Bizkaiko hormako mapetan, herri bakoitzaren jatorrizko deituraren ondoan herriko ezaugarriren batzuk adierazten ziren. Ustekabe itzela, Mundakako bereizgarria pertsona bat atorra jantzita zela ikustea.

Eta aspaldiko lelo batek, ez dut uste egungo abestien artean agertuko denik, horrela zihoen: “Atorras, las que usaban nuestros abuelos. Atorra, es el clásico disfraz,que saliendo de Mundaca en ningún sitio verás”

Foto

Atorraren deskribapena hain da ezaguna, egungo irudietan ere agertu dela. Baina oraindik jendarteratu ez dena bere esanahia da. Sinesmen okerra da Atorrak Marraua guztiz pertsonifikatzen duela, bere janzkeraren arropa bat baino ez da eta.

Atorra emakumearen alkondara da, gizonezko alkondararekin alderatuz. Antzina, emakumearen alkondara bi zatiz osatzen zen; bata, idunetik gerrira heltzen zena Zakota edo Sama tilla deitua eta bestea gerrian estutua Atorra deitua. Konjuntoa Atorra-Zakota edo Atorra-Samalla deitua zen, hau da, gaineko-azpiko alkondara.

Gonazpikoak eta sorbalden gainekoak kirruzkoak eta guztiz erabiliak izan behar zuten, Marrau batek benetan kontuan hartzeko xehetasuna. Aurpegia almuadazal batez estaltzen zuten, estaltzeko debekua heldu zen arte. Ordutik aurrera almuadazala buruan tolestua jartzen da. Aratuzteari estuki lotua eta azken aztarna bezala Estudiantina dugu, oraindik ere gure herrian iraunkorra den kale-agerraldia, bere janzkera Atorra delarik.

Ikus daitekeenez mozorro hau gure ohiturarenganako lotura bidea da, jatorritik gaurdainoko tartean apurtutako ohitura. Zaindu dezagun beraz Atorra, ez bakarrik bere zentzu materialean, baizik eta, bere sinbologiak guretzat duen adieran batez ere.

Eta Aratuzte eta Estudiantinari dagokion guztia tradiziozkoa denez, Estudiantinaren abestien prestaketa lekua ere tradizionala da: Fondako etxea.

Zenbat aldiz utzi ote zaie mozorroa Bilbotik azken orduan etorri direnei bai eta taldeko zuzendari guztiei ere. Eta tokian bertan, musikariek urtez urte maitasun handiz gordetzen zituzten kitarra, bibolin, mandolina eta banjoak hurrengo urteko entsaioen zain.

Han konposatutako abesti asko ahanzturan geratu dira betirako. Oroitutako batzuk hemen daude bilduak, gogora ekarri nahi dituztenen lanari esker, benetako originaltasuna ez baita gauza berriak egitea baizik eta era berri baten ezaguna dena aurkeztea.

Azkenik, ez dugu ahaztuko, mundakar jator bezala, gertaera iheskor hauen historiaren azpian beste historia sakonago bat dagoela, gure herriaren profila eraiki duen historia hain zuzen ere.

2010 © Asociación Cultural Mudakako Atorrak de Mundaka.

Pl. Lehendakari Agirre, 1 4º iz. 48360 Mundaka (Bizkaia) - atorrak@atorrak.com